Ongi etorri nire blogera!! Hezkuntza edonon egon daitekeela uste baduzu, ez bakarrik eskolan, leku aproposean zaude!
Blog honetan hezkuntza informal eta ez-formalari buruz hitz egingo dizuet eta! DISFRUTATU!

miércoles, 30 de noviembre de 2011

Babies

Gaur, beste pelikula batekin natorkizue, "Babies", hain zuzen ere.

Pelikula honetako protagonistak, munduko leku desberdinetan, familia desberdinetan eta egoera guztiz desberdinekin jaio eta hazten diren lau ume dira. Ponijao, Namibiako "Himba" tribukoa; Bayar, Mongoliako estepakoa; Maria, Tokiokoa eta Hattie, San Franciscokoa.

Filma honek argi erakusten digu ume bakoitza jaiotzen den unetik zeharkatzen dituen etapak eta garapenaren puntu edo une desberdinak. Argi dago, alde batetik ume guztiek ezaugarri komunetan bat egiten dutela, baina bestalde kanpoko hainbat faktore kontuan hartzen baditugu (lekua, kultura, familia, bizi baldintzak...) ume bakoitzaren hazteko prozesuaren ezaugarriak  guztiz desberdinak izan daitezke.


Burura behin eta berriro galdera berdina etortzen zitzaidan, pelikula hau ikusten nengoen bitartean. "Badago formula bat umeak hezteko orduan?"
Familia bakoitzak ideia desberdinak ditu umeen heziketari buruz, era desberdinetan egiten du eta gauza desberdinei ematen diote garrantzia.

Argi ikusten da ume baten heziketan eta hazteko prozesuan hainbat faktorek jolasten dutela,... eta bakoitza nolakoa den kontuan hartuta haurra modu batera edo bestera hazten dela. 



Baina azken finean umeak, umeak dira. Guztiak dira berdinak, eta aldatzen duena haien ingurua da, bakoitzak bizi duen egoera. Seguru pelikulako haurrak lekuz aldatuta jaioko balira, bakoitza bere lekuko erara haziko litzatekeela.

Amaitzeko esan nahi dut asko gustatu zaidala pelikula hau, oso irudi eta momentu politak erakusten dituelako umeak protagonista direlarik, eta polita izateaz batera guztiok egin beharko genituen galdera asko planteatzen ditu umeen hezkuntzari buruz.


martes, 29 de noviembre de 2011

Kirola

Kirola, nahiz eta askotan eskolan burutzen den ekintza izan, hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen dugu, eskolaz kanpoko moduan. Hau, oso garrantzitsua da umeen heziketa prozesuan bai fisikoki eta bai psikologikoki hazteko. Batetik, osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa da kirola, dieta orekatu bat egitearekin batera noski, eta bestetik talde lana, lankidetza giroa, talde harremana, laguntasuna…  sustatzen ditu.



Hau dena kontuan izanik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskola kirolarekin lotutako proiektu bat dauka martxan. Proiektuaren xedea, Bizkaiko eskoletako umeentzat  kirol eskaintza sustatu, ahalbidetu, antolatu eta arautzea izanik, eskolei baliabide eta egitarau desberdinak eskaintzea da honen eginkizuna.

Kirol jardueren eskaintza zabala da, eskolako txikienetatik, “kirol hastapena” edo “multikirolak” egiten dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino, Kirol espezifikoetako hainbat talde sortzen direla (saskibaloia, futbola, eskubaloia, atletismo…) gero beste eskolekin batera ligak egiteko.

Beste alde batetik, 2005-2006 urtean Eskola Kirol honi Herri Kirolak ere gehitu zitzaizkien eta ordutik aurrera hainbat lehiaketa antolatzen dira kirol hauekin loturik: eskupilota, arraun…



Eta gainera, kirola egitea ekintza hutsa dela umeek pentsa ez dezaten eta haratago ikusten ere ikasteko,  ingurumena eta gure kultura errespetatzen dituen kirola egiteari buruzko sentsibilizazioa lantzen da ere proiektu honetan, eta urtero sentsibilizazio kanpaina desberdinak egiten dira:“besarkatu kirola”, “eskola kirolaren ikusle onen dekalogoa”, ”kirolari gazteentzako elikadura”…

Informazio gehiagorako egin klik hemen.

lunes, 28 de noviembre de 2011

El pequeño salvaje

Gaur beste egunean ikusitako pelikula bati buruz hitz egingo dizuet, "El pequño Salvaje". Uste dut hezkuntza munduarekin eta batez ere hezkuntza informalarekin oso lotuta dagoela beraz ideia ona iruditzen zitzaidan honi buruzko nire iritzia zuekin elkarbanatzea.


 "El pequeño salvaje" naturan bakarrik, basoan hazitako ume baten istorioa da. 12 urte ingururekin aurkitzen dute eta hainbat eta hainbat gaitzespen eta bazterkeria jasan ostean Itard doktoreak bere etxera eramaten du, bere ustez umearentzat egokia zen heziketa eskaintzeko asmoz.

Nire ustez, hau ikusi eta gero, argi gelditzen dena da ume bat bere inguruaren arabera hazten dela, ahal duen erara moldatuz eta eboluzionatuz.
Pelikula honetako protagonistak, ez zekien hitz egiten, ez zuen hizkuntzarik ulertzen, ia ez zekien ibiltzen ere ez.. eta Jean Itard arduratzen da pixkanaka pixkanaka gaur egun normaltzat jotzen dugun ume batean bihurtzeaz.

Eboluzio edo aldaketa prozesu horren barruan atentzio deitu zidaten hainbat ezaugarri zeuden, "eboluzioa" bera oso agerian uzten zutenak.
Esaterako hasieran haurra "el salvaje" da, eta denek horrela deitzen dute, gero medikuaren etxean bizitzen hasten denean bertako neskameak "nuestro salvaje" deitzen dio, pixkanaka estimu txiki bat adieraziz, eta azkenik "Victor" bihurtzen da, bere izen propioa duena pertsona bat.

Beste aldaketa adierazgarri bat negarraren kontua iruditzen zait. Hasieran umea aztertzen daudenean, inoiz negar egin ez duela esaten dute, eta gero, behin Itard jaunarekin eta bere neskamearekin dagoenean, behin baino gehiagotan negar egiten du, bere sentimenduak adieraziz.
Pauso handia da ere umeak hazteko orduan negar egiten ikastea, negar egitea, baina benetan  gertatzen zaiena adieraziz, emozioak kanpora ateraz eta erakutsiz.

Amaitzeko, neskamearen jarrera aipatu nahi nuke, bera baita bakarra "oso ondo" edo "zorionak" edo dena delakoak esaten dizkiona Victorri, besarkada bat ematen diona edo besterik gabe irribarre batekin tratatzen duena; eta nire ustez hazte prozesu batean ezinbestekoa da umeak maitasuna sentitzea, maitatua sentitzea, eta are gehiago Victorren egoeran, kontuan hartuta bakarrik igaro dituela bere bizitzako lehenengo 12 urteak.

Besterik gabe, pelikula honi buruz zer ikasi dudan idatzi beharko banu, esango nuke ume bat hazteko eta hezteko lehenengoz ulertu behar dela. Konfiantza jarri beragan eta pixkanaka hazteko prozesuan berarekin egon, lagundu, txarto egiten duenean beste aukera bat emanez eta ondo dagoena erakutsiz, eta ondo egiten duenean zorionduz.


Ikusi pelikula zuek ere, merezi duela! 

sábado, 26 de noviembre de 2011

Zutik emakumeak!


 
Atzo, azaroaren 25, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izan zen eta horregatik nire gaurko sarrera gai honi dedikatuko diot. Hona hemen atzoko egunean irakurri zen manifestua:

"Aurten ere azaroaren 25ean, bortizkeria sexistaren aurkako nazioarteko egunez, kalera ateratzera be­hartuta gaude. Emakumeok jasaten dugun biolentzia ez da gertakari bakana, arazo estrukturala baizik, bi­zitzako esparru guztietan eragiten diguna.
Sistema patriarkalak bereari eusten dio, konplizitate askori esker, eta haustea gaitza bihurtu den puzzle bat osatu du. 

Erakundeek eta komunikabideek arreta urruntzen saiatzen dira bortizkeria sexistaren benetako zerga­tietatik, eta artean konplizitate puzzle horren zatiek hor diraute, elkarri tinko lotuta, emakumeek biolen­tziarik gabe izateko eskubidea urratzen denean oro har zigorrik gabe geratzen baita.

Baina orain eta hemen guk salatu egin nahi dugu bor­tizkeria horren arduradunek izen-abizenak dituztela:
… Zuek konplize zarete!

Politikariok: Zuek konplize zarete! Edukirik gabeko hitzaldi hutsalak eman eta emakume guztien eskubi­deak bermatzeko borondate politikorik agertzen ez duzuenean.
Botere judiziala: Zuek konplize zarete! Justizia be­tearazten ez duzuen aldioro emakumeek bortizkeria matxista salatzea eragozten duzuenean.
Indar polizialok: Zuek konplize zarete! Zuen botereaz baliatzen zaretenean emakumeei tratu txarra emateko.
Enpresariok: Zuek konplize zarete! Emakumeentzako enplegu duina ukatzen duzuen bakoitzean, eta lana eta dirua era injustuan banatzen duzuenean.
Komunikabideok: Zuek konplize zarete! Publizitate sexistaren mezu subliminala jasanarazten diguzuen aldioro eta xantaia mediatikoari entzungor egiten diozuenean, honek objektu huts bihurtzen gaitue­larik, nahiz sexu-aniztasuna edo hainbat famili-, ba­nakako- eta kultur-eredu ikusezin egiten dituelarik...
Transnazionalok: Zuek konplize zarete! Txirotzen lagundu dituzuen herrietan emakume langileen es­kubideak esplotatzen dituzuenean.
Osasun-sistema: Zuek konplize zarete! Emakumeen beharrizanak asetzeko ikerkuntzarik egin ez edota arreta medikua eskaintzen ez duzuen aldioro.
Eleizok: Zuek konplize zarete! Sexualitate librea iza­teko gure eskubidea ukatu nahi duzuen bakoitzean.
Hezkuntza sistema: Zuek konplize zarete! Rol sexis­tak indartu eta hezkidetza-ereduarekin bortizkeriari aurrea hartzen lan egiten ez duzuenean.
Familiok, auzokook, gurasook, anai-arrebak, adiski­deok... eraso horiek gertatzen direnean ezer ez egi­tean ere konplize bihurtzen zarete.
Gu astindu bat ematera gatoz, bai zuen lasaitasunari, bai dena adostutako moduan gertatzen eta aurrerat­zen dela sinestarazteko ahalegin idiliko horri. Zuek behatzen eta aztertzen ari gara, eta gero eta jende gutxiago dago gezur hori irensteko prest.
Hasteko gure diskurtso feminista desitxuratu zenu­ten; gero ontzat eman zenuten masa-hedabideetan sentsazionalismoa eta manipulazioa finkatzea; legeak eginez eta zerbitzuak eskainiz leundu gintuzuen.
.... baina zenbat eraso eta hilketa ekidin ahal izan da?

Inpunitatea lazgarria delarik, segurtasun eza eta mes­fidantza hedatzea lortu duzue. Ez duzue guk aurrera egiterik nahi, ez autonomo eta libre izaterik ere!!
Orain zein beste gezur erabilita nahi gaituzue lilu­ratu?
Zinez, ez diezue uko egin nahi heteropatriarkatuak emandako pribilegioei...
Zuen bizimodua, status quo-a, zuen ongizatea... gure esklabutza dira, baina hori badakigu zer den...
eta ez dugu gehiago onartuko... 

Aski da! Konplizitaterik ez! Patriarkatua apur deza­gun."

Nire ustez atzo bezalako egunetan aldarrikatzen diren baloreak umeei ere erakutsi beharko genizkieke, beraz, hezkuntzaren parte dira ere.



miércoles, 23 de noviembre de 2011

Txulalai!

Aurreko sarrera batean esan nuen moduan dantza egitea, eta horren barruan euskal dantzak hezkuntza ez formalaren parte dira ere. Txulalai umeen dantzarik ezagunenetarikoa da eta horregatik gaur dantza horri buruz hitz egingo dizuet.

Txulalai izeneko dantza herrikoia, Arabako Errioxako Paganos herriko dantza bat da San Blas egunean dantzatzen dena. (otsailaren 3).

Dantza hau korroan egiten da, bueltak emanez haitaren soinuarekin batera. Dantza herrikoia denez, herri osoak parte har dezake; gizon zein emakumeek, zahar zein gazteek... denontzako lekua dago! Horregatik, ez da janzkera berezirik behar.

Esan dezakegu, dantzan 3 ataletan bereiz daitekeela. Lehenengoan, dantzariek biribilketa doinuaz lagundurik korroan dantzatzen dute alde batera eta gero bestera bueltak emanez. Bigarrenean, dantzariak korroan aurreratzen eta atzeratzen dira musika moteltzen doan heinean eta eskumako hanka altzatzen dute. Amaitzeko, hirugarrenen atalean dantza honen bereizgarri diren ipurdikoak ematen dira, lehenengo alde batera eta gero bestera erritmoa jarraituz.

Amaitzeko, Txulalai dantza ondo erakusten duen bideo bat uzten dizuet hemen:






lunes, 21 de noviembre de 2011

Antzerkia

Orain dela pare bat aste Bilboko XIII. Antzerki eta Dantza garaikideen Jaialdia ospatu da, urriaren28tik azaroaren 6ra eta bertan hainbat ikuskizun interesgarri egon dira Bilboko leku desberdinetan. Horregatik gaur antzerkiari buruz hitz egingo dizuet.

Antzerkiak istorio desberdinak antzezpenaren bidez kontatzean datza, keinuak eta hitzak erabiliz, eta batzuetan musikaz edota dantzaz lagunduta. Sentimenduak adierazten dira arte honetan eta helburua, publikoa, hau da ikusleak, istorioan sartzea da, gertatzen ari denean murgiltzea, gertakizunaren parte izatea.

Antzerkia, irakasteko, edo hobeto izanda ikasteko beste testuinguru polit bat izan daiteke, hezkuntza ez formalean sartzen dena. 

Umeek sentimenduak kanporatzen ikas dezakete, haien burua beste modu batera ikusten, jendea ezagutzen.. nire ustez esperientzia polit bat izan daiteke antzerki eskola batean parte hartzea eta haurrak hezteko beste modu bat ere bada.

Hona hemen umeentzat zabalik dauden antzerki eskola batzuk:




viernes, 18 de noviembre de 2011

Publizitate sexista

Atzo argitaratutako bideoetan oinarrituz publizitateari buruz arituko naiz gaur ere, publizitatean islatzen diren balore ezegokiei buruz hain zuzen. Seguru asko fijatuko zineten jada aurreko bi bideoen arteko desberdintasunez, neska eta mutila, emakumea eta gizona.

Iragarki gehienetan argi azaltzen dira erakutsi nahi diren emakume eta gizonen rolak. Emakumea lasaia da eta pazientzia asko dauka, eta bere funtziorik garrantzitsuena seme-alabak zaintzea da; janaria prestatzea, arropa garbitzea, etxeko lanak egitea... eta hori guztia egiteaz gain mila krema eta produktu erabiltzeko denbora du ere bere irudia beti ederra mantentzeko.. eta gizonari gustatzeko. 
Azken hau aldiz, zakarra eta indartsua da, eta ia ez dauka sentimendurik. Bere funtzioa emakume eder batekin ezkontzea eta honek seme-alabak zaindu eta etxea txukuntzen duen bitartean bera lagunekin doa mendira, garagardo bat hartzera, arrantza egitera, futbolera...
Eta zer da okerrena?? Umeak ez direla gai hori ikuspegi kritiko batez aztertzeko. Eta neskentzat panpinak, janaria emateko, janzteko,sendatzeko.. dira jostailu egokienak eta mutilentzat abenturazko panpina, futbolerako baloia edota kotxe teledirigidoa. 

Beraz, badakizue, animo, lan handia daukagula gizarte honetako baloreak aldatu nahi baditugu!

Amaitzeko publizitate sexista oso ondo adierazten duen bideo bat uzten dizuet. Zuen gustokoa izatea espero dut!



jueves, 17 de noviembre de 2011

Iragarkiak

NENUCO panpinak.


ACTION MAN panpinak.


Bideoak ikustean konturatuko zineten oraingoan iragarkiei buruz hitz egitera natorrela. Iragarkien hezkuntza informalaren barruan paper garrantzitsua betetzen dute eta nahi eta nahi ez txikienen hezkuntzaren parte dira ere.

Denok dakigun moduan iragarkiek eta orokorrean publizitateak guregan daukaten eragina ikaragarria da, eta are handiagoa umeengan daukana. Umeak heziketa prozesuan bete-betean murgildurik daude eta haien inguruan dagoen guztiari buruz ikasten dute, eta horren barruan telebistan, irratian, kaleko karteletan, aldizkarietan.. ikusi edo entzuten duten guztiari buruz ere.

Publizitateak umeengan duen influentzia handia bi faktoreri lotuta dator.

Alde batetik, iragarkiak egiten dituztenen gaitasuna edo "profesionaltasuna" nolabait esateko. Ondo dakite zer egin umearen atentzioa deitzeko, haien produktua erosteko beharra sentiarazteko... guk ezagutzen ez ditugun teknika asko erabiltzen dituzte eta azkenean kontsumoaren adituek nahi dutena lortzen dute.

Beste alde batetik, umeek oraindik ez daukate kontzientzia kritikoa oso garatuta eta ez dira kapazak ikusitakoaren inguruan hausnartzeko, ea egokia den ala ez erabakitzeko.. eta gainera umeek dena nahi dute berehala; adibidez iragarki bat telebistan ikustean,"ipso facto" bertan agertzen zen jostailua haientzat nahi dute. Beraz, hori eta askotan gurasoek seme-alabei behar dutena baino gehiago erosten dietela kontuan hartuta, ba gaur egungo jostailuen kontsumoa gero eta handiagoa da.


miércoles, 16 de noviembre de 2011

Nola da zure eskola hobezina?

Kaixo!
Gaur bideo hau daukat zuei erakusteko!


Interesgarria eta aldi berean ezinbestekoa iruditzen zitzaidan hezkuntzari buruz umeek, ikasleek, duten iritzia entzutea eta horregatik zuekin partekatu nahi nuen bideo hau.

Elkarrizketa osoan zehar umeek askatasun osoz erantzuten dute eta iritzi oso desberdinak dituzte. Esaterako eskola zertarako den galdetzean, batzuk "idazten eta irakurtzen ikasteko" erantzuten dute, edota "diziplina lantzeko", beste batzuen erantzuna aldiz, "askeagoak egiteko" eta "pertsona moduan garatzeko eta besteekin harremana egiteko" da.

Baina niri deigarri gertatu zaidana hurrengo galdera izan da:

Nola da zure eskola "ideala" edo hobezina?

Askotan irakasleek, tutoreek, ikasketa buruek, zuzendariek, orientatzaileek.. milaka bilera egiten  dituzte eta buelta asko ematen dizkiete gauzei ikasleei gauzak nola irakatsi erabakitzeko. Baina, ez litzateke errazagoa haiei galdetzea eskolan zer egitea gustatu litzaiekeen? Beharbada, ikas-lekuan gustura egonda eta gustuko gauzak eginda erraztasun handiagoz ikasiko lukete..

Horregatik hezkuntza ez-formaleko ekintzetan umeek asko ikasten dute eta haien heziketan ezinbestekoak dira. Haiek aukeratutako gauzak direlako eta gogoz hartzen dituztelako, ondorioz giro egokia sortu da eta asko ikasten dute.

martes, 15 de noviembre de 2011

Familia motak eta funtzioak.

Gaur ere familia kontuekin natorkizue! Aurreko bi sarrerak osotzeko asmoz, gaur, alde batetik familia mota desberdinak eta bere ezaugarriak, eta beste alde batetik, familiaren funtzioa desberdinak azalduko ditut.

Hasteko, familiak beste senide batzuekin batera bizi diren ala ez kontuan izanik hiru motako sailkapena egingo dugu:

Neolokalak: Emazteak nahiz senarrak haien etxeak utzi eta etxe berri batera doazenean bizitzera elkarrekin.

Patrilokalak: Ematea senarraren etxera bizitzera doanean.

Matrilokalak: Senarra emaztearen etxera bizitzera doanean.

 Gainera, hona hemen familia tradizional eta modernoaren arteko desberdintasunak.

Familia tradizionala
Familia modernoa
Patriarkala
Demokratikoa
Seme-alaba ugari
Seme-alaba gutxi
Emakumea etxe-esparruan
Emakumea etxetik kanpo lanean
Gizon-emakumeen lanak banaturik
Eginkizunen malgutasuna
Familia unitate ekonomiko gisa
Familia kontsumo-unitate gisa

Eta amaitzeko, familiaren funtzioei buruz arituko naiz, bai funtzio orokorrak eta bai seme-alabekiko funtzioak.

Familiak orokorrean funtzio hauek betetzen ditu:

- Pertsonak nagusitzeko testuinguru egokia da: Segurtasun gunea da familia eta gainera oreka psikologikoa garatzeko elementu garrantzitsua da.

- Testuinguru honetan erronkei aurre egiten ikasten da: Txiki-txikitatik ikusten da nola gurasoek aurre egiten dieten arazoei, beraz, entsegu bat bezala da, jende arte txikian handia irteterakoan prest egoteko.

- Belaunaldi ezberdinak biltzen dituen errealitatea da: Aberasgarria da familia, iragan eta etorkizuna lotzen baititu.

- Sozialki laguntza-sarea suposatzen du: Krisialdietan familiako jendea laguntzailea da guretzat.

Gainera, hauek dira seme-alabekiko dituen funtzioak:

- Familiak seme-alaben biziraupena, hazkunde osasuntsua eta sozializazioa bermatzen du (salbuespenak salbuespen)

- Segurtasun – testuingurua eraikitzen du .

- Esparru ezberdinetan umeen estimulazioa lantzen du (kognitiboki, emozionalki, motorikoki... garatu behar da)
- Hezitzaileak diren beste testuinguru batzuetara irekiera (eskolara, institutura, modulu zentroetara, unibertsitatera, zentro formal zein informaletara...)



lunes, 14 de noviembre de 2011

Zer da familia?

Familia oso gai zabala denez, eta hezkuntzaren informalaren barruko esparru garrantzitsuenetariko bat denez, aurreko sarreran bezala, gaur ere honi buruz hitz egingo dizuet.
Aurreko sarrera subjektiboagoa izan zen eta batez ere nire iritzia eman nuen, baina gaur alde teorikoari emango diogu buelta pare bat.

Hasteko, hona hemen familia definitzen duten bi esaldi:

"Familia ahaidetasun harreman estua eta lotura afektiboa duen pertsona multzoa da."

Eta hurrengoa apur bat landuagoa:

"Familia erakunde unibertsal bat da, kultura guztietan dagoena. Oinarrizko talde honetan gure nortasun indibiduala eraikitzen dugu. Familia bateko kide izateak gizarte osoarekin lotzen gaitu, jaiotzen garen unetik bertatik."



Bi definizio hauek nik egindakoak dira, adituen liburuak begiratuz noski, baina nik egindakoak... baina zer da familia gizarte zientzientzat?

- Soziologiaren ikuspegitik: Senidetasunezko elkarketa da, talde horren gisa premiak asetzeaz arduratzen dena. Aipatzekoa da soziologia gai honetan gehien sartu den diziplina dela.

- Ekonomiaren ikuspegitik: Produkzioa edo kontsumo unitatea da.

- Maila juridikoan: Legezko lotura batek mugatzen du familia, ezkontza edo adopzioak esaterako.



Gainera, hona hemen familiaren beste hainbat ezaugarri:

·         - Familiek umeak eta gazteak hezteko ardura nagusia dute. Eskola eta beste erakunde hezitzaileak funtzio honetan osagarriak izango dira.

·        -  Familian  eta familia dela medio ume eta gazteen inguruan dauden beste  aldagai batzuekin harremana sortzen da, lehenengo ohitura sozialak, kulturalak… barneratuko direlarik.

·         - Familian  eragile aktibo bezala, lehenengo ikasketak eta ekarpenak garatuko dira.



martes, 8 de noviembre de 2011

Hezkuntza informala, familia

Gaur, Mafaldaren komiki txiki hau dakarkizuet, hezkuntza munduari kritika txiki bat egiteko asmoz. Irudi hauetan argi ikusten da egilearen helburua eta erakutsi nahi duena: Eskolakoek familiakoek baino gehiago dakitela edo gehiago erakusten dutela. Baina hori egia da? Gehiago daki irakasleak aitak baino? Kasu gehiago egin behar zaie eskolakoei etxekoei baino?

Komiki hau aukeratu dut familia hezkuntza informalaren barruko gai garrantzitsuenetariko bat delako, garrantzitsuena ez esateagatik.
Ezin da ukatu izugarria dela aitak eta amak, edota  osaba edo izekoak, amama batek, arreba nagusiak edo umearentzat anaia bezala den lagun horrek, zein beti laguntzeko prest eta ondoan egon den lehengusuak…  umearengan duten eragina. 

Jaiotzatik ondoan izan dituen pertsonekin umeak atxikimendu berezi bat sortzen du eta horren ondorioz nagusia egiten den heinean, hau da, hezkuntza prozesu osoan zehar pertsona hori erreferentziatzat hartzen du eta influentzia handia izaten du beragan horrek egin edo esaten duena.

Honekin esan nahi dudana da, nahiz eta gurasoek irakasle izateko ez ikasi gu ahalik eta ondo hezten saiatzen direla eta hezkuntzaren barruan ere oso paper garrantzitsua betetzen dutela, nahiz eta irudian ikus dezakegunez, batzuetan ahaztu egiten zaigun.

Amaitzeko, familiari buruz ume askok duten iritzia biltzen duen bideo bat uzten dizuet.



lunes, 7 de noviembre de 2011

Koloreztatu zuribeltza!

Gaur azken aldian pil-pilean egon den gai bati buruz hitz egingo dizuet, Kukutza gaztetxeari buruz hain zuzen.

Kukutzaren blogean dioen moduan, "Gaztetxea, okupatutako eta autokudeatutako topagunea da, bertan parte hartzen duten pertsonen esperientziaz eta langile jarreraz aurrera eramana, errespetuzko elkarbizitza eredu baten oinarrituta, non eta erabakiak gaztetxearen proiektuan lan egiten dutenen arteko asanbladan hartzen direnak. Gure bizitza askatzen duten alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzen dituen gune askea da."

Baina.. gaztetzea zerbait txarra da? Okupatutako espazio bat da, da beraz ez da legezkoa, ez? Bertan sortu den guztia eta bertako jende guztia kontuan hartu gabe eraitsi behar da? Nork erabakitzen du hori? 

Beste hainbatentzat bezala, Kukutzan bazegoen txikienentzat lekua ere. Umeentzat zirku eskola bat zegoen antolatuta bertan, eta gaur zirku eskola horretara zihoan ume bati egindako elkarrizketa txiki bat dakarkizuet, guztiok pentsa dezagun eta buruari buelta bat eman diezaiogun ea askok uste zuten moduan hain beharrezkoa zen gaztetxea botatzea..

(10 urteko neska bat)
Nola hasi zinen Kukutzako zirku eskolan parte hartzen?

Ba nire osabaren lagun batek bertan lan egiten zuen eta nire osabak esan zidan ea joan nahi nuena tela , trapezio eta trampolinekin gauzak egiten ikastera. Niri ideia gustatu zitzaidan eta joatea erabaki nuen.

Zer egiten zenuten bertan?

Tela , trapezioa , trampolina , jolastu eta ariketa fisikoa egin.

Zer ikasi duzu bertan?
  
Telatik igotzen , trapeziotik figurak egiten...

Zer uste duzu gaztetxea botatzeari buruz?

Txarto dagoela uste dut, beltzak asko kargatu zutelako eta gainera niri eta beste ume askori asko gustatzen zitzaigun han egiten genuena.. zirkoa. urtebetetzeak, kontzertuak, ongi etorriak... eta nire ustez ez dute milaka pertsonen iritsia kontuan izan.
Hala ere, oso pozik nago ze agian uzten diete kukutzakoei Elejabarri eskolako gimnasioa tela , trapezio eta gauza gehiago egiteko.

Amaitzeko, Kukutza Gaztetxeak egindako Lip Dub-a uzten dizuet hemen.



domingo, 6 de noviembre de 2011

OINEZKU, beste hezkuntza mota bat.

Oinezku, ni boluntario moduan nagoen umeen proiektu bat da. Bilboko bi auzotan  dago kokatuta, Uribarrin eta Zabalan eta helburua bai eskolan, bai familian (egoera zailak, arazo ekonomikoak, kanpotarrak dira gehienak...) arazoak dituzten umeei laguntzea da. Astean bi momentu desberdintzen dira proiektu honen barruan, alde batetik etxeko lanekin laguntzea, asteartetan eta ostiraletan egiten dugula, eta bestetik aisialdia, jolasak, irteerak.. larunbatetan egiten dela. Beste alde batetik bai gabonetako bai udako oporretan kanpamentuak antolatzen ditugu umeekin.

Pertsonalki esan dezaket oso esperientzia polita dela, eta niretzat mundu honetan txarto dauden gauzak konpontzeko ahalegin txiki bat dela. Umeek, eta baita haien familiek ere asko eskertzen dute, eta haietariko batek aurpegian irribarrea duela ikusteak, ez daukala preziorik ziurtatu ahal dizuet.


Abesti bat uzten dizuet hemen, Oinezkun asko entzuten duguna eta zentzu berezi bat duena..


"Aprende a enseñar, y enseñando aprenderás.."


Bukatzeko, proiektuan nirekin batera boluntario gisa dabilen neska bati egindako elkarrizketa txiki bat uzten dizuet hemen:

Zergatik hasi zinen boluntario moduan Oinezku proiektuan? Zenbat denbora daramazu?

Orain dela urte batzuk, udan 15 eguneko esperientzia bat egin nuen monitore moduan ume kanpotarrekin eta konturatu nintzen zenbat gauza zeuden munduan txarto eta ze garrantzitsua zen behar zutenei laguntzea. Horrela Oinezkun hasi nintzen, udan 15 egunetan bizitako hori nire eguneroko bizitzara pasatzeko.
4 urte daramatzat proiektu honetan.

Zein da gauzarik onena? Eta txarrena?

Onena, umeak pozik ikustea, sentitzea bazarela zerbait haientzat, benetan lagundu ahal diezula eta txarrena, 
ume horien istorio gogorrak ezagutzea.

Zergatik Oinezku eta ez beste edozein proiektu?

Oinezkun hasi nintzen eta hemen jarraitzen dut. Bertan nik bilatzen nuena aurkitu nuen beraz ez dut inoiz beste proiektu bat bilatzeko beharrik izan. Oinezku gainera desberdina dela uste dut, konpromiso bat delako, umeei jarraipena egiten zaie, familiekin harremana zaintzen da.. ez da haiekin astean bi egun egotea bakarrik, hori baino askoz gehiago da.

miércoles, 2 de noviembre de 2011

Ikasgelatik kanpo berdina gertatuko litzateke?

Gaur zuekin partekatu nahi dut Mafaldaren komiki tira hau.

 







Beharbada gehiegizkoa iruditu ahal zaigu, baina honekin erakutsi nahi dudana da, askotan eskolaz kanpo bertan baino gehiago ikasten dutela umeek.

Komikian protagonista den umeak dio Martxotik ordurarte (kurtso hasieratik esan nahi du, Mafalda argentinakoa delako eta bertan klaseak martxoan hasten dituzte umeek) ez duela ezer ikasi..

Batzutan nahiz eta klasean orduak eta orduan eman.. umeek ez dute ulertzen irakasleak azaltzen duena.. beharbada ordu gutxiagotan eskolatik kanpo erraztasun gehiagoz ikasiko lukete? garrantzi gehiago eman beharko genioke eskolaz kanpoko hezkuntzari?

Ideia horrekin uzten zaituztet zuek ere gogoeta egin dezazuen..