Atzo, azaroaren 25, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izan zen eta horregatik nire gaurko sarrera gai honi dedikatuko diot. Hona hemen atzoko egunean irakurri zen manifestua:
"Aurten ere azaroaren 25ean, bortizkeria sexistaren aurkako nazioarteko egunez, kalera ateratzera behartuta gaude. Emakumeok jasaten dugun biolentzia ez da gertakari bakana, arazo estrukturala baizik, bizitzako esparru guztietan eragiten diguna.
Sistema patriarkalak bereari eusten dio, konplizitate askori esker, eta haustea gaitza bihurtu den puzzle bat osatu du.
Erakundeek eta komunikabideek arreta urruntzen saiatzen dira bortizkeria sexistaren benetako zergatietatik, eta artean konplizitate puzzle horren zatiek hor diraute, elkarri tinko lotuta, emakumeek biolentziarik gabe izateko eskubidea urratzen denean oro har zigorrik gabe geratzen baita.
Baina orain eta hemen guk salatu egin nahi dugu bortizkeria horren arduradunek izen-abizenak dituztela:
… Zuek konplize zarete!
Politikariok: Zuek konplize zarete! Edukirik gabeko hitzaldi hutsalak eman eta emakume guztien eskubideak bermatzeko borondate politikorik agertzen ez duzuenean.
Botere judiziala: Zuek konplize zarete! Justizia betearazten ez duzuen aldioro emakumeek bortizkeria matxista salatzea eragozten duzuenean.
Indar polizialok: Zuek konplize zarete! Zuen botereaz baliatzen zaretenean emakumeei tratu txarra emateko.
Enpresariok: Zuek konplize zarete! Emakumeentzako enplegu duina ukatzen duzuen bakoitzean, eta lana eta dirua era injustuan banatzen duzuenean.
Komunikabideok: Zuek konplize zarete! Publizitate sexistaren mezu subliminala jasanarazten diguzuen aldioro eta xantaia mediatikoari entzungor egiten diozuenean, honek objektu huts bihurtzen gaituelarik, nahiz sexu-aniztasuna edo hainbat famili-, banakako- eta kultur-eredu ikusezin egiten dituelarik...
Transnazionalok: Zuek konplize zarete! Txirotzen lagundu dituzuen herrietan emakume langileen eskubideak esplotatzen dituzuenean.
Osasun-sistema: Zuek konplize zarete! Emakumeen beharrizanak asetzeko ikerkuntzarik egin ez edota arreta medikua eskaintzen ez duzuen aldioro.
Eleizok: Zuek konplize zarete! Sexualitate librea izateko gure eskubidea ukatu nahi duzuen bakoitzean.
Hezkuntza sistema: Zuek konplize zarete! Rol sexistak indartu eta hezkidetza-ereduarekin bortizkeriari aurrea hartzen lan egiten ez duzuenean.
Familiok, auzokook, gurasook, anai-arrebak, adiskideok... eraso horiek gertatzen direnean ezer ez egitean ere konplize bihurtzen zarete.
Gu astindu bat ematera gatoz, bai zuen lasaitasunari, bai dena adostutako moduan gertatzen eta aurreratzen dela sinestarazteko ahalegin idiliko horri. Zuek behatzen eta aztertzen ari gara, eta gero eta jende gutxiago dago gezur hori irensteko prest.
Hasteko gure diskurtso feminista desitxuratu zenuten; gero ontzat eman zenuten masa-hedabideetan sentsazionalismoa eta manipulazioa finkatzea; legeak eginez eta zerbitzuak eskainiz leundu gintuzuen.
.... baina zenbat eraso eta hilketa ekidin ahal izan da?
Inpunitatea lazgarria delarik, segurtasun eza eta mesfidantza hedatzea lortu duzue. Ez duzue guk aurrera egiterik nahi, ez autonomo eta libre izaterik ere!!
Orain zein beste gezur erabilita nahi gaituzue liluratu?
Zinez, ez diezue uko egin nahi heteropatriarkatuak emandako pribilegioei...
Zuen bizimodua, status quo-a, zuen ongizatea... gure esklabutza dira, baina hori badakigu zer den...
eta ez dugu gehiago onartuko...
Aski da! Konplizitaterik ez! Patriarkatua apur dezagun."
Nire ustez atzo bezalako egunetan aldarrikatzen diren baloreak umeei ere erakutsi beharko genizkieke, beraz, hezkuntzaren parte dira ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario