Ongi etorri nire blogera!! Hezkuntza edonon egon daitekeela uste baduzu, ez bakarrik eskolan, leku aproposean zaude!
Blog honetan hezkuntza informal eta ez-formalari buruz hitz egingo dizuet eta! DISFRUTATU!

miércoles, 30 de noviembre de 2011

Babies

Gaur, beste pelikula batekin natorkizue, "Babies", hain zuzen ere.

Pelikula honetako protagonistak, munduko leku desberdinetan, familia desberdinetan eta egoera guztiz desberdinekin jaio eta hazten diren lau ume dira. Ponijao, Namibiako "Himba" tribukoa; Bayar, Mongoliako estepakoa; Maria, Tokiokoa eta Hattie, San Franciscokoa.

Filma honek argi erakusten digu ume bakoitza jaiotzen den unetik zeharkatzen dituen etapak eta garapenaren puntu edo une desberdinak. Argi dago, alde batetik ume guztiek ezaugarri komunetan bat egiten dutela, baina bestalde kanpoko hainbat faktore kontuan hartzen baditugu (lekua, kultura, familia, bizi baldintzak...) ume bakoitzaren hazteko prozesuaren ezaugarriak  guztiz desberdinak izan daitezke.


Burura behin eta berriro galdera berdina etortzen zitzaidan, pelikula hau ikusten nengoen bitartean. "Badago formula bat umeak hezteko orduan?"
Familia bakoitzak ideia desberdinak ditu umeen heziketari buruz, era desberdinetan egiten du eta gauza desberdinei ematen diote garrantzia.

Argi ikusten da ume baten heziketan eta hazteko prozesuan hainbat faktorek jolasten dutela,... eta bakoitza nolakoa den kontuan hartuta haurra modu batera edo bestera hazten dela. 



Baina azken finean umeak, umeak dira. Guztiak dira berdinak, eta aldatzen duena haien ingurua da, bakoitzak bizi duen egoera. Seguru pelikulako haurrak lekuz aldatuta jaioko balira, bakoitza bere lekuko erara haziko litzatekeela.

Amaitzeko esan nahi dut asko gustatu zaidala pelikula hau, oso irudi eta momentu politak erakusten dituelako umeak protagonista direlarik, eta polita izateaz batera guztiok egin beharko genituen galdera asko planteatzen ditu umeen hezkuntzari buruz.


martes, 29 de noviembre de 2011

Kirola

Kirola, nahiz eta askotan eskolan burutzen den ekintza izan, hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen dugu, eskolaz kanpoko moduan. Hau, oso garrantzitsua da umeen heziketa prozesuan bai fisikoki eta bai psikologikoki hazteko. Batetik, osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa da kirola, dieta orekatu bat egitearekin batera noski, eta bestetik talde lana, lankidetza giroa, talde harremana, laguntasuna…  sustatzen ditu.



Hau dena kontuan izanik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskola kirolarekin lotutako proiektu bat dauka martxan. Proiektuaren xedea, Bizkaiko eskoletako umeentzat  kirol eskaintza sustatu, ahalbidetu, antolatu eta arautzea izanik, eskolei baliabide eta egitarau desberdinak eskaintzea da honen eginkizuna.

Kirol jardueren eskaintza zabala da, eskolako txikienetatik, “kirol hastapena” edo “multikirolak” egiten dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino, Kirol espezifikoetako hainbat talde sortzen direla (saskibaloia, futbola, eskubaloia, atletismo…) gero beste eskolekin batera ligak egiteko.

Beste alde batetik, 2005-2006 urtean Eskola Kirol honi Herri Kirolak ere gehitu zitzaizkien eta ordutik aurrera hainbat lehiaketa antolatzen dira kirol hauekin loturik: eskupilota, arraun…



Eta gainera, kirola egitea ekintza hutsa dela umeek pentsa ez dezaten eta haratago ikusten ere ikasteko,  ingurumena eta gure kultura errespetatzen dituen kirola egiteari buruzko sentsibilizazioa lantzen da ere proiektu honetan, eta urtero sentsibilizazio kanpaina desberdinak egiten dira:“besarkatu kirola”, “eskola kirolaren ikusle onen dekalogoa”, ”kirolari gazteentzako elikadura”…

Informazio gehiagorako egin klik hemen.

lunes, 28 de noviembre de 2011

El pequeño salvaje

Gaur beste egunean ikusitako pelikula bati buruz hitz egingo dizuet, "El pequño Salvaje". Uste dut hezkuntza munduarekin eta batez ere hezkuntza informalarekin oso lotuta dagoela beraz ideia ona iruditzen zitzaidan honi buruzko nire iritzia zuekin elkarbanatzea.


 "El pequeño salvaje" naturan bakarrik, basoan hazitako ume baten istorioa da. 12 urte ingururekin aurkitzen dute eta hainbat eta hainbat gaitzespen eta bazterkeria jasan ostean Itard doktoreak bere etxera eramaten du, bere ustez umearentzat egokia zen heziketa eskaintzeko asmoz.

Nire ustez, hau ikusi eta gero, argi gelditzen dena da ume bat bere inguruaren arabera hazten dela, ahal duen erara moldatuz eta eboluzionatuz.
Pelikula honetako protagonistak, ez zekien hitz egiten, ez zuen hizkuntzarik ulertzen, ia ez zekien ibiltzen ere ez.. eta Jean Itard arduratzen da pixkanaka pixkanaka gaur egun normaltzat jotzen dugun ume batean bihurtzeaz.

Eboluzio edo aldaketa prozesu horren barruan atentzio deitu zidaten hainbat ezaugarri zeuden, "eboluzioa" bera oso agerian uzten zutenak.
Esaterako hasieran haurra "el salvaje" da, eta denek horrela deitzen dute, gero medikuaren etxean bizitzen hasten denean bertako neskameak "nuestro salvaje" deitzen dio, pixkanaka estimu txiki bat adieraziz, eta azkenik "Victor" bihurtzen da, bere izen propioa duena pertsona bat.

Beste aldaketa adierazgarri bat negarraren kontua iruditzen zait. Hasieran umea aztertzen daudenean, inoiz negar egin ez duela esaten dute, eta gero, behin Itard jaunarekin eta bere neskamearekin dagoenean, behin baino gehiagotan negar egiten du, bere sentimenduak adieraziz.
Pauso handia da ere umeak hazteko orduan negar egiten ikastea, negar egitea, baina benetan  gertatzen zaiena adieraziz, emozioak kanpora ateraz eta erakutsiz.

Amaitzeko, neskamearen jarrera aipatu nahi nuke, bera baita bakarra "oso ondo" edo "zorionak" edo dena delakoak esaten dizkiona Victorri, besarkada bat ematen diona edo besterik gabe irribarre batekin tratatzen duena; eta nire ustez hazte prozesu batean ezinbestekoa da umeak maitasuna sentitzea, maitatua sentitzea, eta are gehiago Victorren egoeran, kontuan hartuta bakarrik igaro dituela bere bizitzako lehenengo 12 urteak.

Besterik gabe, pelikula honi buruz zer ikasi dudan idatzi beharko banu, esango nuke ume bat hazteko eta hezteko lehenengoz ulertu behar dela. Konfiantza jarri beragan eta pixkanaka hazteko prozesuan berarekin egon, lagundu, txarto egiten duenean beste aukera bat emanez eta ondo dagoena erakutsiz, eta ondo egiten duenean zorionduz.


Ikusi pelikula zuek ere, merezi duela! 

sábado, 26 de noviembre de 2011

Zutik emakumeak!


 
Atzo, azaroaren 25, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izan zen eta horregatik nire gaurko sarrera gai honi dedikatuko diot. Hona hemen atzoko egunean irakurri zen manifestua:

"Aurten ere azaroaren 25ean, bortizkeria sexistaren aurkako nazioarteko egunez, kalera ateratzera be­hartuta gaude. Emakumeok jasaten dugun biolentzia ez da gertakari bakana, arazo estrukturala baizik, bi­zitzako esparru guztietan eragiten diguna.
Sistema patriarkalak bereari eusten dio, konplizitate askori esker, eta haustea gaitza bihurtu den puzzle bat osatu du. 

Erakundeek eta komunikabideek arreta urruntzen saiatzen dira bortizkeria sexistaren benetako zerga­tietatik, eta artean konplizitate puzzle horren zatiek hor diraute, elkarri tinko lotuta, emakumeek biolen­tziarik gabe izateko eskubidea urratzen denean oro har zigorrik gabe geratzen baita.

Baina orain eta hemen guk salatu egin nahi dugu bor­tizkeria horren arduradunek izen-abizenak dituztela:
… Zuek konplize zarete!

Politikariok: Zuek konplize zarete! Edukirik gabeko hitzaldi hutsalak eman eta emakume guztien eskubi­deak bermatzeko borondate politikorik agertzen ez duzuenean.
Botere judiziala: Zuek konplize zarete! Justizia be­tearazten ez duzuen aldioro emakumeek bortizkeria matxista salatzea eragozten duzuenean.
Indar polizialok: Zuek konplize zarete! Zuen botereaz baliatzen zaretenean emakumeei tratu txarra emateko.
Enpresariok: Zuek konplize zarete! Emakumeentzako enplegu duina ukatzen duzuen bakoitzean, eta lana eta dirua era injustuan banatzen duzuenean.
Komunikabideok: Zuek konplize zarete! Publizitate sexistaren mezu subliminala jasanarazten diguzuen aldioro eta xantaia mediatikoari entzungor egiten diozuenean, honek objektu huts bihurtzen gaitue­larik, nahiz sexu-aniztasuna edo hainbat famili-, ba­nakako- eta kultur-eredu ikusezin egiten dituelarik...
Transnazionalok: Zuek konplize zarete! Txirotzen lagundu dituzuen herrietan emakume langileen es­kubideak esplotatzen dituzuenean.
Osasun-sistema: Zuek konplize zarete! Emakumeen beharrizanak asetzeko ikerkuntzarik egin ez edota arreta medikua eskaintzen ez duzuen aldioro.
Eleizok: Zuek konplize zarete! Sexualitate librea iza­teko gure eskubidea ukatu nahi duzuen bakoitzean.
Hezkuntza sistema: Zuek konplize zarete! Rol sexis­tak indartu eta hezkidetza-ereduarekin bortizkeriari aurrea hartzen lan egiten ez duzuenean.
Familiok, auzokook, gurasook, anai-arrebak, adiski­deok... eraso horiek gertatzen direnean ezer ez egi­tean ere konplize bihurtzen zarete.
Gu astindu bat ematera gatoz, bai zuen lasaitasunari, bai dena adostutako moduan gertatzen eta aurrerat­zen dela sinestarazteko ahalegin idiliko horri. Zuek behatzen eta aztertzen ari gara, eta gero eta jende gutxiago dago gezur hori irensteko prest.
Hasteko gure diskurtso feminista desitxuratu zenu­ten; gero ontzat eman zenuten masa-hedabideetan sentsazionalismoa eta manipulazioa finkatzea; legeak eginez eta zerbitzuak eskainiz leundu gintuzuen.
.... baina zenbat eraso eta hilketa ekidin ahal izan da?

Inpunitatea lazgarria delarik, segurtasun eza eta mes­fidantza hedatzea lortu duzue. Ez duzue guk aurrera egiterik nahi, ez autonomo eta libre izaterik ere!!
Orain zein beste gezur erabilita nahi gaituzue lilu­ratu?
Zinez, ez diezue uko egin nahi heteropatriarkatuak emandako pribilegioei...
Zuen bizimodua, status quo-a, zuen ongizatea... gure esklabutza dira, baina hori badakigu zer den...
eta ez dugu gehiago onartuko... 

Aski da! Konplizitaterik ez! Patriarkatua apur deza­gun."

Nire ustez atzo bezalako egunetan aldarrikatzen diren baloreak umeei ere erakutsi beharko genizkieke, beraz, hezkuntzaren parte dira ere.



miércoles, 23 de noviembre de 2011

Txulalai!

Aurreko sarrera batean esan nuen moduan dantza egitea, eta horren barruan euskal dantzak hezkuntza ez formalaren parte dira ere. Txulalai umeen dantzarik ezagunenetarikoa da eta horregatik gaur dantza horri buruz hitz egingo dizuet.

Txulalai izeneko dantza herrikoia, Arabako Errioxako Paganos herriko dantza bat da San Blas egunean dantzatzen dena. (otsailaren 3).

Dantza hau korroan egiten da, bueltak emanez haitaren soinuarekin batera. Dantza herrikoia denez, herri osoak parte har dezake; gizon zein emakumeek, zahar zein gazteek... denontzako lekua dago! Horregatik, ez da janzkera berezirik behar.

Esan dezakegu, dantzan 3 ataletan bereiz daitekeela. Lehenengoan, dantzariek biribilketa doinuaz lagundurik korroan dantzatzen dute alde batera eta gero bestera bueltak emanez. Bigarrenean, dantzariak korroan aurreratzen eta atzeratzen dira musika moteltzen doan heinean eta eskumako hanka altzatzen dute. Amaitzeko, hirugarrenen atalean dantza honen bereizgarri diren ipurdikoak ematen dira, lehenengo alde batera eta gero bestera erritmoa jarraituz.

Amaitzeko, Txulalai dantza ondo erakusten duen bideo bat uzten dizuet hemen:






lunes, 21 de noviembre de 2011

Antzerkia

Orain dela pare bat aste Bilboko XIII. Antzerki eta Dantza garaikideen Jaialdia ospatu da, urriaren28tik azaroaren 6ra eta bertan hainbat ikuskizun interesgarri egon dira Bilboko leku desberdinetan. Horregatik gaur antzerkiari buruz hitz egingo dizuet.

Antzerkiak istorio desberdinak antzezpenaren bidez kontatzean datza, keinuak eta hitzak erabiliz, eta batzuetan musikaz edota dantzaz lagunduta. Sentimenduak adierazten dira arte honetan eta helburua, publikoa, hau da ikusleak, istorioan sartzea da, gertatzen ari denean murgiltzea, gertakizunaren parte izatea.

Antzerkia, irakasteko, edo hobeto izanda ikasteko beste testuinguru polit bat izan daiteke, hezkuntza ez formalean sartzen dena. 

Umeek sentimenduak kanporatzen ikas dezakete, haien burua beste modu batera ikusten, jendea ezagutzen.. nire ustez esperientzia polit bat izan daiteke antzerki eskola batean parte hartzea eta haurrak hezteko beste modu bat ere bada.

Hona hemen umeentzat zabalik dauden antzerki eskola batzuk:




viernes, 18 de noviembre de 2011

Publizitate sexista

Atzo argitaratutako bideoetan oinarrituz publizitateari buruz arituko naiz gaur ere, publizitatean islatzen diren balore ezegokiei buruz hain zuzen. Seguru asko fijatuko zineten jada aurreko bi bideoen arteko desberdintasunez, neska eta mutila, emakumea eta gizona.

Iragarki gehienetan argi azaltzen dira erakutsi nahi diren emakume eta gizonen rolak. Emakumea lasaia da eta pazientzia asko dauka, eta bere funtziorik garrantzitsuena seme-alabak zaintzea da; janaria prestatzea, arropa garbitzea, etxeko lanak egitea... eta hori guztia egiteaz gain mila krema eta produktu erabiltzeko denbora du ere bere irudia beti ederra mantentzeko.. eta gizonari gustatzeko. 
Azken hau aldiz, zakarra eta indartsua da, eta ia ez dauka sentimendurik. Bere funtzioa emakume eder batekin ezkontzea eta honek seme-alabak zaindu eta etxea txukuntzen duen bitartean bera lagunekin doa mendira, garagardo bat hartzera, arrantza egitera, futbolera...
Eta zer da okerrena?? Umeak ez direla gai hori ikuspegi kritiko batez aztertzeko. Eta neskentzat panpinak, janaria emateko, janzteko,sendatzeko.. dira jostailu egokienak eta mutilentzat abenturazko panpina, futbolerako baloia edota kotxe teledirigidoa. 

Beraz, badakizue, animo, lan handia daukagula gizarte honetako baloreak aldatu nahi baditugu!

Amaitzeko publizitate sexista oso ondo adierazten duen bideo bat uzten dizuet. Zuen gustokoa izatea espero dut!