Ongi etorri nire blogera!! Hezkuntza edonon egon daitekeela uste baduzu, ez bakarrik eskolan, leku aproposean zaude! Blog honetan hezkuntza informal eta ez-formalari buruz hitz egingo dizuet eta! DISFRUTATU!
Interesgarria eta aldi berean ezinbestekoa iruditzen zitzaidan hezkuntzari buruz umeek, ikasleek, duten iritzia entzutea eta horregatik zuekin partekatu nahi nuen bideo hau.
Elkarrizketa osoan zehar umeek askatasun osoz erantzuten dute eta iritzi oso desberdinak dituzte. Esaterako eskola zertarako den galdetzean, batzuk "idazten eta irakurtzen ikasteko" erantzuten dute, edota "diziplina lantzeko", beste batzuen erantzuna aldiz, "askeagoak egiteko" eta "pertsona moduan garatzeko eta besteekin harremana egiteko" da.
Baina niri deigarri gertatu zaidana hurrengo galdera izan da:
Nola da zure eskola "ideala" edo hobezina?
Askotan irakasleek, tutoreek, ikasketa buruek, zuzendariek, orientatzaileek.. milaka bilera egiten dituzte eta buelta asko ematen dizkiete gauzei ikasleei gauzak nola irakatsi erabakitzeko. Baina, ez litzateke errazagoa haiei galdetzea eskolan zer egitea gustatu litzaiekeen? Beharbada, ikas-lekuan gustura egonda eta gustuko gauzak eginda erraztasun handiagoz ikasiko lukete..
Horregatik hezkuntza ez-formaleko ekintzetan umeek asko ikasten dute eta haien heziketan ezinbestekoak dira. Haiek aukeratutako gauzak direlako eta gogoz hartzen dituztelako, ondorioz giro egokia sortu da eta asko ikasten dute.
Gaur ere familia kontuekin natorkizue! Aurreko bi sarrerak osotzeko asmoz, gaur, alde batetik familia mota desberdinak eta bere ezaugarriak, eta beste alde batetik, familiaren funtzioa desberdinak azalduko ditut.
Hasteko, familiak beste senide batzuekin batera bizi diren ala ez kontuan izanik hiru motako sailkapena egingo dugu:
Neolokalak: Emazteak nahiz senarrak haien etxeak utzi eta etxe berri batera doazenean bizitzera elkarrekin.
Gainera, hona hemen familia tradizional eta modernoaren arteko desberdintasunak.
Familia tradizionala
Familia modernoa
Patriarkala
Demokratikoa
Seme-alaba ugari
Seme-alaba gutxi
Emakumea etxe-esparruan
Emakumea etxetik kanpo lanean
Gizon-emakumeen lanak banaturik
Eginkizunen malgutasuna
Familia unitate ekonomiko gisa
Familia kontsumo-unitate gisa
Eta amaitzeko, familiaren funtzioei buruz arituko naiz, bai funtzio orokorrak eta bai seme-alabekiko funtzioak.
Familiakorokorrean funtzio hauek betetzen ditu:
- Pertsonak nagusitzeko testuinguru egokia da: Segurtasun gunea da familia eta gainera oreka psikologikoa garatzeko elementu garrantzitsua da.
- Testuinguru honetan erronkei aurre egiten ikasten da: Txiki-txikitatik ikusten da nola gurasoek aurre egiten dieten arazoei, beraz, entsegu bat bezala da, jende arte txikian handia irteterakoan prest egoteko.
- Belaunaldi ezberdinak biltzen dituen errealitatea da: Aberasgarria da familia, iragan eta etorkizuna lotzen baititu.
- Sozialki laguntza-sarea suposatzen du: Krisialdietan familiako jendea laguntzailea da guretzat.
Gainera, hauek dira seme-alabekiko dituen funtzioak:
- Familiak seme-alaben biziraupena, hazkunde osasuntsua eta sozializazioa bermatzen du (salbuespenak salbuespen)
- Segurtasun – testuingurua eraikitzen du .
- Esparru ezberdinetan umeen estimulazioa lantzen du (kognitiboki, emozionalki, motorikoki... garatu behar da)
- Hezitzaileak diren beste testuinguru batzuetara irekiera (eskolara, institutura, modulu zentroetara, unibertsitatera, zentro formal zein informaletara...)
Familia oso gai zabala denez, eta hezkuntzaren informalaren barruko esparru garrantzitsuenetariko bat denez, aurreko sarreran bezala, gaur ere honi buruz hitz egingo dizuet.
Aurreko sarrera subjektiboagoa izan zen eta batez ere nire iritzia eman nuen, baina gaur alde teorikoari emango diogu buelta pare bat.
Hasteko, hona hemen familia definitzen duten bi esaldi:
"Familia ahaidetasun harreman estua eta lotura afektiboa duen pertsona multzoa da."
Eta hurrengoa apur bat landuagoa:
"Familia erakunde unibertsal bat da, kultura guztietan dagoena. Oinarrizko talde honetan gure nortasun indibiduala eraikitzen dugu. Familia bateko kide izateak gizarte osoarekin lotzen gaitu, jaiotzen garen unetik bertatik."
Bi definizio hauek nik egindakoak dira, adituen liburuak begiratuz noski, baina nik egindakoak... baina zer da familia gizarte zientzientzat?
- Soziologiaren ikuspegitik: Senidetasunezko elkarketa da, talde horren gisa premiak asetzeaz arduratzen dena. Aipatzekoa da soziologia gai honetan gehien sartu den diziplina dela.
- Ekonomiaren ikuspegitik: Produkzioa edo kontsumo unitatea da.
- Maila juridikoan: Legezko lotura batek mugatzen du familia, ezkontza edo adopzioak esaterako.
Gainera, hona hemen familiaren beste hainbat ezaugarri:
·- Familiek umeak eta gazteak hezteko ardura nagusia dute. Eskola eta beste erakunde hezitzaileak funtzio honetan osagarriak izango dira.
· - Familian eta familia dela medio ume eta gazteen inguruan dauden beste aldagai batzuekin harremana sortzen da, lehenengo ohitura sozialak, kulturalak… barneratuko direlarik.
·- Familian eragile aktibo bezala, lehenengo ikasketak eta ekarpenak garatuko dira.
Gaur, Mafaldaren komiki txiki hau dakarkizuet, hezkuntza munduari kritika txiki bat egiteko asmoz. Irudi hauetan argi ikusten da egilearen helburua eta erakutsi nahi duena: Eskolakoek familiakoek baino gehiago dakitela edo gehiago erakusten dutela. Baina hori egia da? Gehiago daki irakasleak aitak baino? Kasu gehiago egin behar zaie eskolakoei etxekoei baino?
Komiki hau aukeratu dut familia hezkuntza informalaren barruko gai garrantzitsuenetariko bat delako, garrantzitsuena ez esateagatik.
Ezin da ukatu izugarria dela aitak eta amak, edota osaba edo izekoak, amama batek, arreba nagusiak edo umearentzat anaia bezala den lagun horrek, zein beti laguntzeko prest eta ondoan egon den lehengusuak… umearengan duten eragina.
Jaiotzatik ondoan izan dituen pertsonekin umeak atxikimendu berezi bat sortzen du eta horren ondorioz nagusia egiten den heinean, hau da, hezkuntza prozesu osoan zehar pertsona hori erreferentziatzat hartzen du eta influentzia handia izaten du beragan horrek egin edo esaten duena.
Honekin esan nahi dudana da, nahiz eta gurasoek irakasle izateko ez ikasi gu ahalik eta ondo hezten saiatzen direla eta hezkuntzaren barruan ere oso paper garrantzitsua betetzen dutela, nahiz eta irudian ikus dezakegunez, batzuetan ahaztu egiten zaigun.
Amaitzeko, familiari buruz ume askok duten iritzia biltzen duen bideo bat uzten dizuet.
Gaur azken aldian pil-pilean egon den gai bati buruz hitz egingo dizuet, Kukutza gaztetxeari buruz hain zuzen.
Kukutzaren blogean dioen moduan, "Gaztetxea, okupatutako eta autokudeatutako topagunea da, bertan parte hartzen duten pertsonen esperientziaz eta langile jarreraz aurrera eramana, errespetuzko elkarbizitza eredu baten oinarrituta, non eta erabakiak gaztetxearen proiektuan lan egiten dutenen arteko asanbladan hartzen direnak. Gure bizitza askatzen duten alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzen dituen gune askea da."
Baina.. gaztetzea zerbait txarra da? Okupatutako espazio bat da, da beraz ez da legezkoa, ez? Bertan sortu den guztia eta bertako jende guztia kontuan hartu gabe eraitsi behar da? Nork erabakitzen du hori?
Beste hainbatentzat bezala, Kukutzan bazegoen txikienentzat lekua ere. Umeentzat zirku eskola bat zegoen antolatuta bertan, eta gaur zirku eskola horretara zihoan ume bati egindako elkarrizketa txiki bat dakarkizuet, guztiok pentsa dezagun eta buruari buelta bat eman diezaiogun ea askok uste zuten moduan hain beharrezkoa zen gaztetxea botatzea..
(10 urteko neska bat)
Nola hasi zinen Kukutzako zirku eskolan parte hartzen?
Ba nire osabaren lagun batek bertan lan egiten zuen eta nire osabak esan zidan ea joan nahi nuena tela , trapezio eta trampolinekin gauzak egiten ikastera. Niri ideia gustatu zitzaidan eta joatea erabaki nuen.
Zer egiten zenuten bertan?
Tela , trapezioa , trampolina , jolastu eta ariketa fisikoa egin.
Zer ikasi duzu bertan?
Telatik igotzen , trapeziotik figurak egiten...
Zer uste duzu gaztetxea botatzeari buruz?
Txarto dagoela uste dut, beltzak asko kargatu zutelako eta gainera niri eta beste ume askori asko gustatzen zitzaigun han egiten genuena.. zirkoa. urtebetetzeak, kontzertuak, ongi etorriak... eta nire ustez ez dute milaka pertsonen iritsia kontuan izan.
Hala ere, oso pozik nago ze agian uzten diete kukutzakoei Elejabarri eskolako gimnasioa tela , trapezio eta gauza gehiago egiteko.
Amaitzeko, Kukutza Gaztetxeak egindako Lip Dub-a uzten dizuet hemen.
Oinezku, ni boluntario moduan nagoen umeen proiektu bat da. Bilboko bi auzotan dago kokatuta, Uribarrin eta Zabalan eta helburua bai eskolan, bai familian (egoera zailak, arazo ekonomikoak, kanpotarrak dira gehienak...) arazoak dituzten umeei laguntzea da. Astean bi momentu desberdintzen dira proiektu honen barruan, alde batetik etxeko lanekin laguntzea, asteartetan eta ostiraletan egiten dugula, eta bestetik aisialdia, jolasak, irteerak.. larunbatetan egiten dela. Beste alde batetik bai gabonetako bai udako oporretan kanpamentuak antolatzen ditugu umeekin.
Pertsonalki esan dezaket oso esperientzia polita dela, eta niretzat mundu honetan txarto dauden gauzak konpontzeko ahalegin txiki bat dela. Umeek, eta baita haien familiek ere asko eskertzen dute, eta haietariko batek aurpegian irribarrea duela ikusteak, ez daukala preziorik ziurtatu ahal dizuet.
Abesti bat uzten dizuet hemen, Oinezkun asko entzuten duguna eta zentzu berezi bat duena..
"Aprende a enseñar, y enseñando aprenderás.."
Bukatzeko, proiektuan nirekin batera boluntario gisa dabilen neska bati egindako elkarrizketa txiki bat uzten dizuet hemen:
Zergatik hasi zinen boluntario moduan Oinezku proiektuan? Zenbat denbora daramazu?
Orain dela urte batzuk, udan 15 eguneko esperientzia bat egin nuen monitore moduan ume kanpotarrekin eta konturatu nintzen zenbat gauza zeuden munduan txarto eta ze garrantzitsua zen behar zutenei laguntzea. Horrela Oinezkun hasi nintzen, udan 15 egunetan bizitako hori nire eguneroko bizitzara pasatzeko.
4 urte daramatzat proiektu honetan.
Zein da gauzarik onena? Eta txarrena?
Onena, umeak pozik ikustea, sentitzea bazarela zerbait haientzat, benetan lagundu ahal diezula eta txarrena,
ume horien istorio gogorrak ezagutzea.
Zergatik Oinezku eta ez beste edozein proiektu?
Oinezkun hasi nintzen eta hemen jarraitzen dut. Bertan nik bilatzen nuena aurkitu nuen beraz ez dut inoiz beste proiektu bat bilatzeko beharrik izan. Oinezku gainera desberdina dela uste dut, konpromiso bat delako, umeei jarraipena egiten zaie, familiekin harremana zaintzen da.. ez da haiekin astean bi egun egotea bakarrik, hori baino askoz gehiago da.
Gaur zuekin partekatu nahi dut Mafaldaren komiki tira hau.
Beharbada gehiegizkoa iruditu ahal zaigu, baina honekin erakutsi nahi dudana da, askotan eskolaz kanpo bertan baino gehiago ikasten dutela umeek.
Komikian protagonista den umeak dio Martxotik ordurarte (kurtso hasieratik esan nahi du, Mafalda argentinakoa delako eta bertan klaseak martxoan hasten dituzte umeek) ez duela ezer ikasi..
Batzutan nahiz eta klasean orduak eta orduan eman.. umeek ez dute ulertzen irakasleak azaltzen duena.. beharbada ordu gutxiagotan eskolatik kanpo erraztasun gehiagoz ikasiko lukete? garrantzi gehiago eman beharko genioke eskolaz kanpoko hezkuntzari?
Ideia horrekin uzten zaituztet zuek ere gogoeta egin dezazuen..